“Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoaren beharrei erantzun ezean, mobilizazioak indartu egingo ditugu”
Ikasturtea hasi
zenetik makina bat mobilizazio egin dira EAEko hezkuntza publikoan,
tartean hainbat greba egun. Helburua sektoreak bizi duen egoera larria
iraultzea izan da. Ekimen guzti hauek jarraipen oso zabala izan dute.
Gaur ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek agerraldia egin dute azken
hilabeteetako mobilizazioen balantzea egin eta egungo egoeraz
hausnartzeko. Ordezkari hauek mezu argia utzi nahi izan dute: Eusko
Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoaren beharrei erantzuten ez dien heinean
greba eta mobilizazioak areagotzea beste biderik ez digu utziko.
Hau da ELA, LAB eta Steilas sindikatueko ordezkariek irakurri duten agiri bateratua:
Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoaren beharrei erantzuten
ez dien heinean greba eta mobilizazioak areagotzea beste biderik ez digu
utziko
Pasa den ikasturtean eta ikasturte hasiera honetan EAEko
unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan eta
haurreskoletan greba eta mobilizazio garrantzitsuak burutu ditugu. Pasa
den ikasturteko martxoaren 22 eta maiatzaren 16 eta 23ko greba deialdiek
eta ikasturte honetan burutu ditugun azaroko sektore bakoitzeko grebek
eta abenduaren 12ko sektore guztietako greba bateratuak oso jarraipen
zabal izan dute. Kasu guztietan langileen %75etik gorak egin dute bat
deialdiarekin eta milaka pertsona atera dira deialdi bakoitzean kalera
egungo egoera salatu eta konponbidea eskatzeko. Urte eta hilabete
luzeetan eginiko ehunka batzar eta lan andana dago horrelako
mobilizazioen atzean eta sektore bakoitzeko langileen konpromisoa.
Beraz, zorionak eta eskerrik asko guztioi zuen inplikazioagatik!
Grebak ez ezik, hamaika ekimen ere burutu izan dira tokian toki;
itxialdiak, hitzaldiak, world-kafeak, elkarretaratzeak, familia eta
ikasleekin manifestazioak… Guztiak oso aberasgarri eta baliagarriak
langile, familia eta herritarrekin eskuz-esku egoera sozializatzeko eta
mobilizatzeko aukera eman digutenak. Eskerrik asko ekimenetan parte
hartu duzuen langile, ikasle, familia eta herritar!
Greba eta mobilizazio hauen jarraipen handiak agerian utzi dute hezkuntza publikoak egun pairatzen duen egoera.
Egoera larri honi konponbidea jartzeko Eusko Jaurlaritzari luzatu dizkiogun eskariak zehatzak eta argiak dira:
Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio
publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz
eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari
eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 2.000
langiletan handitu kolektibo ezberdinetan.
- Egun izugarria den behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan) %6ra murriztu.
- Ikasle-ratioak %10 murriztea.
- Hezkuntza Behar Berezietarako irizpideak zabaldu eta baliabideak handitu.
- Haurreskolen doakotasuna.
- Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.
- Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea sektore eta kidego guztietan.
- Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
- Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
- LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
- Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
- Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.
- Hezkuntza Sailak oraindik inola ere ez die erantzun aldarrikapen hauei. Irakasleetan behin-behinekotasuna gutxienez %30ean uzten duen 1.900 lanpostu egonkortzeko proposamena besterik ez du egin, Heziketa Berezian %36ra murrizten duen 268 plazako deialdi proposamena, Haurreskoletan behin-behinekotasuna %40an utziko lukeen 24 plazako proposamen irrigarria eta Sukalde eta Garbiketan %63ko behin-behinekotasun eskandalagarria jaisteko inolako proposamenik ez du egin. Honekin batera, ordezkapenak lehen egunetik egiteko prest agertu da, baina soilik Lehen Hezkuntzako irakasleetan. Gainerako kolektibo eta sektoreetan ordezkapenak egin gabe utziz edo astebetera eginez. Gainerako aldarrikapenetan ez du inolako proposamenik gauzatu.
Honekin batera, hezkuntza publikoaren egoera eta mobilizazioen
jarraipen zabala ikusirik, larriak eta arduragabeak iruditzen zaizkigu
Hezkuntza Sailburuaren, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen eta Eusko
Jaurlaritzako goi-kargudunen azken egunetako adierazpenak, grebarako
arrazoirik ez dagoela esanez, hezkuntza publikoaren egoera ona dela
adieraziz eta bertako langileak pribilegioduntzat joz.
Mobilizazioei zilegitasuna kendu eta oztopatzeko jarrera hauek alde
batera utzi, orain arteko pasibotasuna gainditu eta hurrengo egun eta
asteetan deitu dituen edo deitzeko asmoa duen negoziazio mahai
guztietan, irakasle, hezitzaile, sukaldari eta garbitzaile nahiz
Haurreskoletako hezitzaile eta langileen oinarrizko aldarrikapenei
sendotasunez erantzutea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari. Horrela ez
balitz, jada langileen batzarretan jaso dugun iritzi eta eskari
nagusienei jarraituz, urtarriletik aurrera mobilizazioetan jauzi
kualitatiboa eta kuantitatiboa ematea beste biderik ez digu utziko
jaurlaritzak, greba eta mobilizazioak indartuz
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina